Smartlogek eta Deustuko Unibertsitateak esparru hitzarmen estrategikoa sinatu dute, intralogistika aurreratuan prestakuntza eta berrikuntza bultzatzeko
Smartlogek eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu dute, ingeniaritzaren arloan eta intralogistikan espezializatu nahi duten profesional eta graduatu gazteen prestakuntzaren arloan ekimen bateratuak gauzatzeko oinarriak finkatzeko. Hitzarmena Nest proiektuaren barnekoa da, alegia, Smartlogeko Berrikuntza eta Talentu Zentroaren barnekoa, eta indartu egiten du bi erakundeek sektorean talentu espezializatua bultzatzeko duten konpromiso partekatua.
Hitzarmenak lankidetza esparru egonkor bat ezartzen du, prestakuntza arautu eta jarraituarekin, ezagutza transferentziarekin, berrikuntza aplikatuarekin eta ingurune akademikoaren eta enpresa errealitatearen arteko konexioarekin lotutako programak diseinatzeko eta gauzatzeko. Lankidetza horri esker, aurrera egingo dugu ikaskuntza, garapen profesionala eta ekoizpen sarearen egungo eta etorkizuneko beharrekin bat datozen gaitasunak barne hartzen dituzten ekimenetan.
Hitzarmen honen lehen gauzatze gisa, bi erakundeek, 2026-2027 ikasturte akademiko honetan, Intralogistika Aurreratuko Espezializazio Diploma DUAL bat abiaraziko dute, 2027-2028 ikasturtean Unibertsitate Master bihurtzeko bokazioarekin diseinatua. Programa bideratuta dago, zehazki, intralogistikan espezializatu nahi duten profesional, gazte eta graduatu berriak prestatzeko, gai izan daitezen teknologia aplikatuaren, gaitasun analitikoaren eta negozio irizpidearen konbinazio batekin barne eragiketak kudeatzeko. Edozein sektoretarako zeharkako ikuspegiarekin, eraginkortasunean eta enpresa emaitzetan eragin erreala sortzera bideratutako prestakuntza eskaintzen du diplomak. Daukan plan akademikoak hornidura katean, barne logistikan eta biltegiaren funtzionamendu optimoan espezializatzeko aukera ematen du, eta Adimen Artifiziala, robotika mugikorra, Big Data eta pareko funtsezko teknologien ikuspegi integrala dauka txertatuta.
Txertatuta dauka, halaber, enpresetan praktikak eta prestakuntza dualeko programak egiteko aukera, ikasleei laguntzeko benetako ingurune profesionaletan esperientzia lortzen eta sektorearen etorkizuna markatuko duten eta goraka ari diren teknologietara sartzen. Era berean, titulazio espezializatuak sortzeak eta ezagutza transferitzeko proiektuetan elkarrekin parte hartzeak merkatuaren eskaeretara bideratutako prestakuntza eskaintza indartuko dute, eta nabarmen hobetuko da etorkizuneko profesionalen enplegagarritasuna.
Bi erakundeek, gainera, azpiegituren eta ekipamenduen erabilera partekatua bultzatuko dute, eta sektoreko azken joeretan interesa duten adituen, akademikoen eta ikasle egresatuen arteko lotune gisa balioko duten ekitaldi teknikoak, mintegiak eta topaketa profesionalak antolatuko dituzte. Horrekin guztiarekin, unibertsitatearen, ekoizpen sarearen eta etorkizuneko profesionalen arteko zubi izango da Nest.
Aliantza horrek konpromiso irmoa adierazten du bikaintasun akademikoarekin eta kualifikazio handiko gazteen prestakuntzarekin, gazte horiek gai baitira eraldaketa teknologiko eta digital betean dagoen sektore baten erronkei aurre egiteko. Ikasleentzat, aukera paregabea da enpresa berritzaileekin batera talentua garatzeko, enpresen erronka errealetan oinarritutako proiektuetan parte hartzeko eta ekonomiarako esparru estrategiko batean ibilbide sendo bat eraikitzeko.
Lankidetzari esker, Smartogek etengabeko prestakuntzaren eta pertsonen garapenaren aldeko apustua sendotu du, lehiakortasunerako eta jasangarritasunerako palanka gisa; eta Deustuko Unibertsitateak, berriz, enpresa berritzaileekin duen lotura eta ingurunearen aurrerapen ekonomiko eta sozialari egiten dion ekarpena sendotu du. Talentuaren garapenarekin partekatutako konpromisoaren erakusgarri, Smartlogek beka programa bat bultzatuko du, eta Intralogistika Espezializazioko Diploma Dualaren lehen edizio honetan, 12 ikasleren prestakuntza oso-osoa finantzatuko du. Ekimen honen helburua da balio erantsi handiko prestakuntza lortzea, ahalmen handiko profilak erakartzea eta sektorearen eraldaketa gidatzeko prestatutako profesionalen belaunaldi berria sortzen laguntzea. Hitzarmenak epe luzerako lankidetzarako esparru bat ezartzen du, eta horri esker, aukera egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza eta enpresa ekosistemaren onurarako eta elkarrekiko onurarako ekimen ugari gauzatzeko, eta, hala, talentuaren trebakuntzan eta enpresa testuinguru aurreratuetako ikasketa ereduen bilakaeran benetako inpaktua izateko.