Logistika vs Intralogistika. Zein da aldea eta zergatik axola du?
Eragiketa logistikoen eraginkortasuna faktore erabakigarria da enpresen arrakastarako. Hala ere, teknologiek aurrera egin ahala eta merkatuaren beharrak aldatu ahala, ezinbestekoa da sarritan nahastu egiten diren terminoen artean dauden ñabardurak ulertzea; horren erakusgarri, “logistika” eta “intralogistika” terminoak. Hitzon arteko aldeak ezagutzea funtsezkoa da prozesuak optimizatzeko eta enpresen hornidura katearen barruan hobetzeko dauden funtsezko arloak identifikatzeko.
Artikulu honetan hitz bakoitzak zer esan nahi duen aztertzen da, bai eta zergatik ari den intralogistika hainbesteko garrantzia hartzen ere.
Zer da logistika?
Logistikak, oro har, produktuen, informazioaren eta baliabideen mugimendua kudeatzeko prozesua du ardatz, jatorrizko puntutik hasi eta azken helmugaraino. Arlo horretan sartzen dira garraioa, biltegiratzea eta banaketa, baita inbentarioen kudeaketa eta bezeroarentzako zerbitzuak ere. Hau da, logistika da produktuak espero den denboran eta baldintzetan bezeroengana iristea bermatzen duen ardatz nagusia.
Merkataritza elektronikoa eta globalizazioa nagusitzen ari diren egungo testuinguruan, logistika eskala handiko erronka bihurtzen da, eraginkortasuna, kostuak eta bezeroaren gogobetetzea orekatzea helburu duena. Hornidura katearen plangintza, garraioaren kudeaketa, ibilbideen optimizazioa, biltegiratzea, banaketa, “garaiz” entregatzea eta kostuak murriztuz egindako itzulketak dira enpresek kudeaketa logistiko eraginkor baten bidez lortu nahi dituzten funtsezko helburuetako batzuk.
- Hornidura katearen plangintza: hornitzaile, fabrikatzaile, biltegi eta banatzaileen sarea diseinatzea eta kudeatzea.
- Garraioaren kudeaketa: produktu mota eta helmuga bakoitzerako garraiobide egokienak hautatzea.
- Ibilbideen optimizazioa
- Biltegiratzea: biltegiak kudeatzea, inbentarioak kontrolatzea eta espazioa optimizatzea.
- Banaketa eta garaiz entregatzea: produktuak eraginkortasunez ematea azken bezeroei, zuzeneko edo zeharkako kanalen bidez.
- Artikuluak itzultzea.
Logistikaren joera nagusiak
Logistika, gaur egun, eraldaketa bat bizitzen ari da, automatizazioak eta teknologia berriek hartaratuta. Sistema robotikoak eta biltegiratzeko soluzio automatizatuak, adimen artifiziala eta Big Data sartzearen ondorioz, eragikeraren eraginkortasuna birdefinitzen ari da. Jasangarritasunak ere protagonismoa hartu du, espazioaren erabilera optimizatzen eta karbono aztarna murrizten duten teknologien erabilera bultzatuz. Ecommerce-aren gorakadaren ondorioz, omnichannel-a funtsezkoa da, bezeroaren esperientzia hobetzeko online eta offline kanalak integratuz. Era berean, azken miliak eta hiri eremuetatik gertu micro-fulfillment zentroak sortzeak entrega denborak optimizatu dituzte, bidalketa azkarrago eta eraginkorragoen eskaerari erantzunez.
Zer da intralogistika?
Kontzeptu hau garrantzia hartzen ari da enpresek errentagarriak, lehiakorrak eta erresilienteak izaten jarraitu nahi duten heinean. Eraginkortasun operatiboa funtsezkoa bihurtu da, eta eragikeraren kostu handiek eta espazioak optimizatzeko beharrak etengabeko presioa eragiten dute. Aldi berean, jasangarritasun eskaerak praktika arduratsuagoak eskatzen ditu. Gainera, bilakaera teknologiko azkarrak automatizazio eta adimen artifizialeko soluzio aurreratuak integratzea eskatzen du, merkatuaren gorabeheretara egokitzeko eragiketak arin eta malgutasunez eskalatzea bilatzen den bitartean. Erronka horiek handitu egiten dira giza akatsak murrizteko eta entrega epe egokiagoak betetzeko presioaren ondorioz, hori guztia gero eta handiagoa den lehia globalaren barruan.
Intralogistika da enpresa baten barne eragiketen bizkarrezurra, eta materialen, eragiketen, prozesuen eta datuen fluxua kudeatzen du instalazioen barruan, batez ere biltegi edo banaketa zentroetan. Diziplina hau materialen kudeaketa soiletik harago doa, eta barne hornidurako katean esku hartzen duten prozesu guztiak barne hartzen ditu.
Intralogistikak fluxuak eta baliabideak ahalik eta ondoen kudeatzeko eran jartzen du fokua. Salgaiak jasotzea kate intralogistikoaren lehen katebegia da; hor sartzen dira produktuen hasierako egiaztapena, ikuskapena eta biltegiratzea. Biltegiratzeak inbentarioa eraginkortasunez antolatzea eskatzen du, irisgarritasuna eta babesa ziurtatuz. Eta enpresa bakoitzaren behar espezifikoen arabera, intralogistikan askotariko eragiketa gehigarriak sar daitezke, hala nola eskariak prestatzea, sailkatzea, alderantzizko logistika eta barne garraioa.
Produktuen kudeaketa fisikoaz gain, eragiketa bakoitzari lotutako informazioaz eta finantza fluxuez arduratzen da intralogistika. Datu horiek funtsezkoak dira erabakiak hartzeko eta prozesuak optimizatzeko. ERP, MES, SGA eta halako kudeaketa sistemekin integratuta egoteari esker, hornidura katearen ikusgarritasuna erabatekoa da, eta horrek planifikazioa, kontrola eta erabakiak denbora errealean hartzea errazten du.
Intralogistikak, honenbestez, fluxuak eta baliabideak instalazioen barruan modu ezin hobean kudeatzeko eran jartzen du fokua, harrera, biltegiratzea, barne garraioa, sailkapena, eskarien prestaketa eta alderantzizko logistika barne.
- Salgaiak jasotzea: produktuen hasierako egiaztapena, ikuskapena eta biltegiratzea.
- Biltegiratze adimenduna: inbentarioa sistema automatizatuen bidez antolatzea eta kudeatzea.
- Hainbat eragikera: produktuen picking-a, sailkapena, enbalajea eta etiketatzea, bidaltzeko.
- Barne garraioa: materialen mugimendua enpresaren instalazioen barruan.
- Informazio, finantza eta material fluxuak.
- ERP, MES eta SGA kudeaketa sistemekin integratzea.
Intralogistikaren garrantzia
Lehiakortasun handia eta eraginkortasun eskaera nabarmentzen dira egungo testuinguruan; hori dela eta, intralogistika funtsezko faktore bihurtu da enpresen arrakastarako. Barne prozesuak eraginkortasunez kudeatzeko gaitasunak negozioaren arintasuna, jasangarritasuna eta errentagarritasuna zehazten ditu. Intralogistika optimizatzea funtsezko zutabea da edozein erakunderen lehiakortasuna eta epe luzerako hazkundea bermatzeko. Materialen, informazioaren eta finantza baliabideen barne fluxuak optimizatzean, eraginkortasun maila handiagoak lortzen dira, eskarien prestaketa bizkortzetik hasi eta espazioa eta ekipamenduak hobeto erabiltzeraino. Hobekuntza horrek denbora eta eragikera kostuak murriztea dakar, bai eta inbentarioen kudeaketan zehaztasun eta trazabilitate handiagoa izatea ere, bezeroa gogobetetzearen mesedetan. Gainera, ematen duen malgutasunak merkatuaren aldaketetara azkar egokitzeko aukera ematen die enpresei, lehiarako abantaila ziurtatuz. Azkenik, intralogistika optimizatuak jasangarritasuna indartzen du halaber, hondakinak murriztuz eta baliabideen erabilera optimizatuz.
Logistikaren eta Intralogistikaren arteko funtsezko aldeak
Ezaugarria | Logistika | Intralogistika |
Irismena | Hornidura kate osoa: hornitzailetik hasi eta azken bezeroraino. | Erakunde baten barne prozesuak: biltegien, lantegien eta banaketa zentroen barruan. |
Ikuspegia | Ondasunen eta zerbitzuen fluxua optimizatzea, garraioa, biltegiratzea eta banaketa barne. | Instalazio baten barruan materialen, informazioaren eta baliabideen fluxuak optimizatzea. |
Jarduera gakoak | Hornidura katea planifikatzea, garraioa kudeatzea, inbentarioa kudeatzea, biltegiak kudeatzea, eskariak kudeatzea. | Salgaiak jasotzea, biltegiratzea, eskariak prestatzea, picking-a, enbalajea, barne garraioa. |
Teknologiak | Garraioa kudeatzeko sistemak (TMS), biltegiak kudeatzeko sistemak (WMS), enpresa baliabideen plangintza (ERP). | Biltegiak kudeatzeko sistemak (WMS), barne eragikerarako robotika mugikorra, adimen artifiziala. |
Metrika gakoak | Eragiketaren guztizko kostua, eskari zikloaren denbora, bezeroarentzako zerbitzu maila, inbertsioaren itzulera (ROI). | Produktibitatea, espazioaren erabilera, inbentarioaren zehaztasuna, picking zikloaren denbora, eragiketaren guztizko kostua. |
Helburu estrategikoak | Bezeroaren gogobetetzea, kostuak murriztea, eraginkortasuna hobetzea, malgutasuna handitzea. | Barne prozesuak optimizatzea, akatsak murriztea, produktibitatea hobetzea, gaitasuna handitzea, kostuak murriztea. |
Jasangarritasuna | Karbono aztarna murriztea, garraio eta banaketa optimizazioaren bidez | Hondakinak murriztea eta enpresa barruan baliabideen erabilera optimizatzea.
|
Erronka nagusiak | Merkataritza elektronikora egokitzea, globalizazioa, bezeroaren gogobetetzea eta kate osoan kostuak murriztea. | Omnichannel-a, espazioaren erabilera maximizatzea, akatsak murriztea, jasangarritasuna eta malgutasuna merkatuaren gorabeheretara egokitzeko. |