Smartlogek Nest Berrikuntza eta Talentu Zentroa abiarazi du
Urretxu nazioarteko erreferentea izango da automatizazio logistikoari buruzko ikerketan eta prestakuntzan.
- Smartlogek sortutako zentroa “enpresentzako eta talentuarentzako erakargune global bat” izango da.
- Smartlogek unibertsitateko eta LHko ikasleen logistika aurreratuko prestakuntzan duen parte hartzea barne.
- 12 milioiko inbertsioa egin da 2026/27 ikasturtean irekiko den eraikin moderno batean.
- Hiru solairutan banatuta, berrikuntza gune bat, prestakuntza gelak eta hitzaldi areto bat egongo dira.
- Xabier Zubizarreta (CEO): “Mugarria da Smartlog taldearentzat eta lurraldearentzat. Berrikuntza teknologikoa protagonista nagusi izango den gune bat da”.
Gipuzkoako Urretxu herria, Urola Garaia eskualdean, nazioarteko erreferente bihurtzetik urrats batera dago automatizazio logistikoaren arloko berrikuntzan eta prestakuntzan.
Gaur bertan komunikabideen aurrean egindako ekitaldi batean, Smartlog enpresa taldeak Nest aurkeztu du, Berrikuntza eta Talentu Zentroaren proiektua, enpresen intralogistika optimizatzeko ingeniaritza jarduerari lotua.
Smartlogek 12 milioi euro inbertituko ditu eraikin berria eraikitzeko eta “enpresentzako eta talentuarentzako erakargune global” hori abiarazteko.
Zentroak inpaktu positiboa izango du ingurunean, teknologia aurreratuen bidez hazkundeari lagunduz; sektore teknologikoko talentua eta enpresak erakarriz; komunitate berritzaile eta ekintzaile bat garatuz; eta enplegu kualifikatua sortuz.
Proiektuan sartzen da irailetik aurrera 6.000 metro koadroko hiru solairuko eraikin moderno bat eraikitzea, jasangarritasun zigiluarekin, 10.000 metro koadroko lursail batean, lorategi guneekin. Eraikina 2026/27 ikasturtean irekiko da.
Garapen teknologiko eta ekonomikorako katalizatzailea
Smartlogek I+G+B jarduerak eta prestakuntza uztartuko dituen zentro bat proiektatu du. Hori guztia aurten, irailean, eraikitzen hasiko den eraikin batean egingo da, eta, besteak beste, berrikuntza gunea, gelak eta hitzaldi aretoa edukiko ditu.
Garapen teknologikorako eta ekonomikorako katalizatzaile bat izango da, eta prestakuntza, kalitatezko enplegua, sinergiak eta robotika mugikorreko, biltegia kudeatzeko softwareko eta adimen artifizialeko soluzio aurreratuen inplementazioa sustatuko ditu.
Abangoardiako esperimentazio zentro bat izango da, start-upen, inguruko enpresen, ikerketa zentroen eta ikasleen arteko lankidetza sustatuko duena, “eskualdean eta eskualdetik harago ere inpaktu positiboa sortuz”.
Urola Garaiko bihotzean kokatuta, Urretxun, gaur aurkezten den espazio berri hau, Xabier Zubizarreta Smartlogeko CEOaren hitzetan, “5.0 Logistikarako ikerketa eta garapen teknologikorako epizentro bihurtuko da, azken belaunaldiko teknologia baliatuz, hala nola robotika, biltegiratze aurreratua, 5G sare pribatuak eta ikusmen artifiziala. Berrikuntza teknologikoa izango da protagonista nagusia”.
Ekintzailetzarako ekosistema kartsua
Gainera, Gipuzkoako konpainiaren zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “esparru akademikoaren eta industria sektorearen arteko zubi giltzarria ezarriko du, kualifikazio handiko profesionalak prestatuz eta ekintzailetza sustatuko duen berrikuntza ekosistema bat sortuz”.
Zentroa eskualdearen garapen ekonomikorako katalizatzaile bihurtzea espero dugu, inbertsioak erakarriz, enplegu kualifikatua sortuz eta ekintzailetzarako ekosistema kartsu bat sustatuz. Mugarria da Smartlogentzat, baina baita inguruko industriarentzat, Urretxurentzat, Urola Garaiko eskualdearentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herri osoarentzat ere.
Xabier Zubizarreta, Smartlog Taldeko Zuzendari Nagusia
Nest, berez, 5.0 logistikaren aldeko apustua da, etorkizuneko logistikaren aldeko apustua. Ikerketa, garapen teknologikoa, berrikuntza eta talentua uztartzen dituen gunea da, ahaleginen eta sormenaren batuketa. Gizarteari eta enpresei balioa emateko sortu da Nest. Erreferente global gisa sortu da, eragiketa logistiko eraginkor, jasangarri, erresiliente eta pertsonengan oinarritutako baterantz urratsak egiten jarraitzeko.
Asier Barberena, Smartlogeko Berrikuntza eta Teknologia Zuzendaria
LHko ikasleentzako eta unibertsitateko graduatuentzako bi prestakuntza lerro
Talentua erakartzea da, gaur egun, industriaren erronka nagusietako bat. Eta horixe da, hain zuzen ere, Smartlogek bere zentroa abian jarrita lortu nahi duen helburuetako bat.
Horretarako, automatizazio logistikoko teknologian aditua den Gipuzkoako taldeak, zenbait erakunde akademiko eta erakunde profesionalekin lankidetzan, prestakuntza lerro bana irekiko du LHko ikasleentzat eta unibertsitateko graduatuentzat.
Prestakuntza programak merkatuak eskatzen dituen trebetasun emergenteetara bideratuta egongo dira, gazteak logistikako berrikuntzen hurrengo olatua gidatzeko prestatuz.
LHko zikloetako prestakuntza UGLE Eskolarekin
UGLE Eskolarekin (Urola Garaiko Lanbide Eskola) lankidetzan, Smartlogek LHko eta erdi mailako teknikarientzako prestakuntza programak eskainiko ditu robotika mugikor, informatika eta logistika arloetan.
Automatizazio logistikoko unibertsitate masterra
Bestalde, talentuari lotutako Smartlog ekimenak Automatizazio Logistikoko master programa bat eskainiko du, intralogistikari buruzko punta-puntako ikuspegiarekin, zeina bakarra baita egungo graduondokoen eskaintzan. Titulazio hori unibertsitate zentroekin lankidetzan gauzatuko da.
Eraikinaren banaketa
Lehen solairua. Berrikuntza, erakusketa eta esperimentazio gunea
Eraikina hiru eremutan banatuta egongo da, solairu bakoitzeko bat. Lehenengo solairuan, berrikuntza proiektuetarako, azken teknologien erakusketarako eta esperimentaziorako erabiliko da espazioa. Horren barruan dago prototipoak sortzea eta probatzea. Hori guztia azken teknologiaz hornitutako ingurune batean: 5G, zibersegurtasuna, irrati maiztasun bidezko identifikazioa (RFID) eta kamera biometrikoak, besteak beste.
Era berean, adimen artifizialaren aplikazioari buruzko aurrerapen guztiak egongo dira, horrek ahalmen prediktiboa ematen baitu biltegien eta banaketa zentroen kudeaketan. Intralogistika adimendunak aktiboen eta prozesuen monitorizazioa eta AA algoritmoak konbinatzen ditu hornidura katearen ikuspegi osoa edukitzeko. Jasotako datuak denbora errealean aztertzen dira patroiak, joerak eta anomaliak identifikatzeko. Informazio hori etorkizuneko egoerak aurreikusteko erabiltzen da, hala nola eskariaren gailur posibleak, produkzioaren atzerapenak edo ekipoen akatsak.
Smartlogek adimen artifizialaren alde -oro har- eta AA sortzailearen alde egindako apustua estrategikoa da. Teknologia horiek beren soluzio intralogistikoen eraginkortasuna eta sormena bultzatzen dute, prozesuak optimizatuz eta etengabeko berrikuntza sustatuz. Halatan, Smartlogek eraldaketa digitalarekin eta sektore logistikoaren lidergoarekin hartutako konpromisoa berresten du, merkatuaren eta bezeroen beharrei aurrea hartuz.
Ikerketa, start-upak eta teknologikoki berritzaileak diren proiektuak
Gainera, eraikinaren lehen solairu horretan gune egoki bat sortuko da azken belaunaldiko automatizazioari eta kudeaketa intralogistikoari buruz ikertzeko, berrikuntza aktiboki ahalbidetzeko eta sustatzeko helburuarekin. Horren barruan sartzen da produktu berriak garatzea eta teknologia aurreratuak txertatzea.
Solairuak start-upen gunea hartuko du, non ekintzailetza eta sormena landuko diren, enpresa teknologiko berrien ideiak garatzeko eta gauzatzeko ezinbesteko espazioa eskainiz. Elkarrekin lan egiteko gune bat, ikertzaileek, enpresek eta start-upek lankidetzan jarduteko eta ideiak trukatzeko aukera izan dezaten. Teknologia berriak garatzeko eta probatzeko ondo hornitutako laborategiekin.
Bigarren solairua. Prestakuntza gunea eta laborategia
Unibertsitateekin lankidetzan, teknikari espezialistak eta goi mailako teknikariak prestatzeko gelak izango ditu.
Hirugarren solairua. Hitzaldi eta ekitaldietarako gunea
Zentroko goi solairuak ekitaldi eta hitzaldietarako areto bat edukiko du. Adituen hitzaldiak hartzeko eta intralogistikaren sektoreko azken joeretan interesa daukaten enpresen, bezeroen eta ikasleen artean ezagutza transmititzeko diseinatutako espazioa da.
Smartlog gaur egun lantzen ari den proiektuak
Smartlogen ikuspegiak bere baitan hartzen du, negozio berrien sorkuntzatik hasi eta komunikazioen eta kontrolaren aurrerapeneraino, software logistikoko soluzio aurreratuak garatzetik pasatuz. Proiektu horiek inguruko enpresekin, zentro teknologikoekin, elkarteekin, klusterrekin eta prestakuntza zentroekin lankidetza estuan gauzatzen dira.
Negozio berrien esparruan, Smartlog Group da industria eraldatuko duten soluzio aurreratuen integrazioan liderra; soluzio horien artean: biltegiratze automatizaturako transjasogailuak; robot mugikorrak, materialen barne garraiorako; eta mekanizazioaren sektorerako patentea daukaten teknologiak.
Komunikazioetan eta kontrolean, Gipuzkoako enpresak hainbat gailu eta makina erabiltzeko gai diren kontrol sistema unibertsalak lantzen ditu, baita 5G teknologia erabiltzen den kasu berrietan, industrien komunikazio eta jardute modua iraultzeko.
Azkenik, Smartlog soluzioen paketizazioan eta logistika prediktiboaren garapenean lan egiten du adimen artifiziala erabiliz.
Ezarriko diren teknologiak
Robotika mugikorra: aplikazio logistikoetarako robotika mugikorreko soluzio aurreratuak, hornikuntza katearen eraginkortasuna eta biltegien kudeaketa hobetuz.
Diseinu mekanikoa: diseinu mekanikoko teknikak eta teknologiak inplementatzea, ekipo mugikorren, transjasogailuen eta biltegiratze sistemen egitura eta errendimendua optimizatzeko.
Biltegiratze sistemak: rackak, apalak eta inbentarioa kudeatzeko sistemak barne hartzen dituzten biltegiratze sistema eraginkor eta automatizatuak garatzea eta inplementatzea.
Garraio linealeko sistemak: produkzio lerroetan eta biltegietan zehar produktuen garraio eraginkorra ahalbidetzen duten teknologiak.
Ekipo mugikorrak: AGVak (gidaritza automatikoko ibilgailuak) eta AMRak (robot mugikor autonomoak), zeregin logistiko automatizatuak egiteko.
Kontrol diseinua: transjasogailuetarako, AMRetarako eta beste ekipo mugikor batzuetarako kontrol sistemak, funtzionamendu zehatz eta segurua ahalbidetuz.
Software industrialeko sistema: produkzio eta logistika prozesuak eraginkortasunez kudeatzeko eta gainbegiratzeko.
Nabigazioa: nabigazio sistema aurreratuak, ingurune industrialetan ekipo mugikorren mugikortasun autonomo eta zehatza ahalbidetzeko.
5G komunikazioak: 5G teknologia integratzea, ekipo mugikorren arteko konektibitate azkar eta fidagarria bermatzeko, datuak denbora errealean transmititzea ahalbidetuz.
Ikusmen adimenduneko sistemak: ordenagailu bidezko ikusmen sistemak eta irudiak prozesatzeko teknologiak inplementatzea, ekipo mugikorren pertzepzioa eta erabakiak hobetzeko.
Adimen artifiziala: AA algoritmoak erabiltzea erabakiak modu automatizatuan hartzeko, analisi prediktiboa eta prozesuen etengabeko hobekuntza.
Kudeaketako software sistema: logistika eta biltegiratzea optimizatzeko, analisi eta kontrol tresnak eskainiz.
IoT sistema, gainbegiratzea eta prediktiboak: gauzen Internet (IoT) integratzea, datuak denbora errealean gainbegiratzeko eta biltzeko, prozesu logistikoen analisi prediktiboa eta etengabeko optimizazioa ahalbidetuz.