Smartlogek Bilstein Groupen biltegia automatizatuko du
Zaragozako Bilstein Groupeko biltegia automatizatuko du Smartlogek, Autostore eta orain artean elkarrekin erabili gabeko beste sistema eta elementu batzuk konbinatzen dituen soluzio aitzindari batekin, zeinek bezeroari modu jasangarrian hazteko aukera emango dion.
Smartlogek diseinatutako soluzio integrala, hain zuzen, azterketa eta analisi pertsonalizatuen eta bi konpainietako profesionalek elkarlanean egindako lanaren emaitza da.
AutoStore biltegiratze eta eskaerak prestatzeko sistema robotizatua da, kuboetan oinarritua, biltegiratzea eta picking lanak modu ezin hobean eta azkar kudeatzea ahalbidetzen duena. Mugimendu azkar zein moteleko produktuen bolumen handiak kudeatzeko, kadentzia handiko pickingerako eta dentsitate handiko biltegiratzeak egiteko dago diseinatuta. AutoStoreren robot adimendunek eskariak prozesatzen dituzte, eskatutako erreferentziak dituzten ontziak aurkitzen dituzte, eta pertsonen lanpostuetara garraiatzen dituzte, behin betiko prestatzeko.
Eragikera logistikoaren are eraginkortasun handiagoa lortzeko, Smartlogek soluzioa hainbat sistemarekin osatuko du, eta sistema horiek lankidetzan funtzionatuko dute, eragikera askoz eraginkorragoa eta akatsik gabea izan dadin. Gainera, Galys eskainiko du, biltegiak kudeatzeko bere software propioa, prozesuak integratu, kontrolatu eta kudeatzeko aukera ematen duena, betiere eskuragarritasun, produktibitate eta zerbitzuaren hobekuntza bilatuz.
Teknologia horiei esker, Smartlogek Bilstein Groupen prozesu logistikoak eta entrega prozesuak eraldatuko ditu, egungo biltegiko espazioak hobeto aprobetxatzeko, erreferentzia gehiagoren kokapena optimizatzeko, produktibitatea handitzeko eta etorkizuneko hazkundeetara egokitzeko, biltegi berriak eraiki behar izan gabe.
Juan Lanaja zuzendari nagusiaren hitzetan, “Talde barruan aitzindari izango gara. Autostoreren proba pilotua Zaragozan egingo dugu, eta hemen funtzionatzen duenean (azaroan martxan edukitzea da asmoa) gainerako filialetan ere berdin muntatuko ditugu biltegiak. Horrenbestez, espazio arazoa konpontzea eta produktibitatea areagotzea izango dira faktore bereizleak”.
Xabier Zubizarretak, Smartlog Taldeko CEOak, hauxe gehitu du: “Harro gaude Bilstein Groupeko bazkide logistiko bihurtzeaz, hazkunde jasangarrian laguntzeaz eta erabilgarritasunari, eraginkortasunari eta espazioak optimizatzeari dagokienez balio erantsi handia emateaz”.
Bilstein Group auto zein ibilgailu industrialetarako pieza mekaniko eta elektrikoen banatzaile eta fabrikatzaile alemaniarra da. Zaragozako filialak ordezko piezekin dabiltzan enpresa nazionalei banatzen dizkie piezak, eta horiek, aldi berean, denda eta tailer multimarketara saltzen dituzte. 42.000 erreferentzia ditu gaur egun, eta 45.000ra iristea espero du.
Smartlog, bestalde, nazioarteko erreferentziazko enpresa talde bat da, bezeroaren eragikera beharretara egokitutako soluzio intralogistiko adimendunak eta berritzaileak ematen dituena.
Ekipamendu eta teknologien katalogo zabala eskaintzen du, premia bakoitzari soluzio integral berezia emateko: biltegiratze sistemak eta AS/RS adimendunak, eskaerak prestatzeko soluzio robotikoak, sailkapena eta garraioa, AMR eta AGV sistemak, etab. Biltegiak kudeatzeko software propioa du (SGA) eta datuetan oinarritutako robotika mugikorraren aldeko apustua egiten du, etorkizuneko biltegiak automatizatzeko.
Urretxun du egoitza, baina lekua egin du Europan, Amerika erdialdean eta hegoaldean, Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean. Smartlog erreferentetzat hartzen da e-commerce eta micro fulfillment inguruneetako sektore hauetan: burdindegia eta brikolajea, moda, osasun laguntza, farmazia, kosmetika, elikadura, industria ondasunak, elektronika, operadore logistikoak edo aeronautika.