Search
Close this search box.

Datuek bultzatuko dute etorkizuna

2022/11/09

Smartlog: «Datuek bultzatuko dute etorkizuna, eta prozesu logistikoetan duten boterea aprobetxatu behar dugu» 

Urretxuko enpresak bere soluzio intralogistiko adimendunak ezarri ditu Hola Moda (H&M), Coca Cola, Loewe, Elkar edo Postquam enpresetan, eta sei urtean filialak ireki ditu Latinoamerikako hainbat herrialdetan eta Dubain.

Argazkia: Xabier Zubizarreta, Smartlog Groupeko zuzendari nagusia 

Nazioarteko bokazioarekin eta bere DNAn berrikuntza daramala, Smartlog enpresa sortu zen 2016an Urretxun (Gipuzkoa). Enpresa horrek prozesu intralogistikoen automatizazioa hurrengo mailara darama, honako teknologia hauek konbinatuz: erabateko konektibitatea, Big Data, Adimen Artifiziala eta Machine Learning. Sei urtean bakarrik, eta 45 pertsonako plantillarekin, enpresa handien banaketa zentroak eta biltegiak automatizatu ditu, hala nola Coca Cola, Loewe, Hola Moda (Erdialdeko Amerikako H&M denden frankiziak kudeatzeko sortua), IMCA, Costa Rican, Interagrovial (John Deere markak Uruguain eta Argentinan duen ordezkari baimendu bakarra), edo Elkar, Euskadin; gainera, filialak ireki ditu Panaman, Uruguain, Perun eta Dubain.  

“Egungo egoera aldakor eta iheskorrak bultzatu egin ditu hornidura kateko arduradunak lehiakorragoak izatea ahalbidetuko dien soluzioak bilatzera eta biltegi malgu eta eskalagarriaren kudeaketa egitera, entregak gero eta azkarragoak eta lokalagoak zein pertsonalizatuagoak izan daitezen, eta kanal anitzen bidezkoak (e-commerce, omnichannel, mikrofulfillmen…)”, nabarmendu du Xabier Zubizarretak, Smartlog Groupeko zuzendari nagusiak. “Eta testuinguru horretan, logistika prozesuak, banaketa zentroak eta biltegiak automatizatzea hil ala bizikoa da”, gehitu du.  

Horrela, bada, Smartlog gai da soluzio intralogistiko adimendunak eraikitzeko, bezeroaren eragikera beharretara eta negozio beharretara egokitutako automatismoak integratuz. Horrenbestez, enpresek, espazioak optimizatzeaz gain, eskaerak prestatzeko eta sailkatzeko prozesuak arintzea, eragikera kostuak murriztea eta, azken batean, “produktibitatea modu eraginkor eta kalitatezkoan handitzea ere lortzen dute”, gehitu du Zubizarretak.  

Hori guztia garatze bidean dauden teknologiak gertutik zainduz egiten du, teknologia horiek bere katalogoan sartu ahal izateko. Halaxe azaldu du zuzendari nagusiak: “Robotika mugikorrera bideratzen ditugu gure soluzioak, eta teknologia berriak txertatzen ditugu, hala nola erabateko konektibitatea, Big Data, Adimen Artifiziala eta Machine Learninga, are urrunago iristeko. Etorkizuna datuek bultzatuko dute, eta haien boterea baliatzeko gakoa da prozesu logistikoak automatizatzeko sistemetan integratutako kudeaketa sistema eta adimena uztartzea”. 

Enpresako produktuetako bat Galys softwarea da, biltegiak kudeatzeko softwarea. Duela gutxi IMCAn (Costa Rican) inplementatu dute, hots, Dominikar Errepublikarako eta Jamaikarako mundu mailan liderrak diren markak ordezkatzen dituen enpresa handi batean. “Datuen ustiapenean, IAn eta Machine Learningen oinarritutako monitorizazioaren ondorioz, software hori, baita instalazioen monitorizazioa eta kudeaketa aurreikusteko dugun sistema propioa ere, prozesu automatizatu guztien funtzionamendutik ikasten ari da, hobekuntzak proposatuz, mantentze lanak programatuz, konfigurazio berriak gomendatuz eta agertoki berriak aurreikusiz. Horrela lortuko dugu etorkizunari aurrea hartzea eta soluzio globalak hornitzea, eta baita hornidura kate osoari adimena ematea ere”, gehitu du Zubizarretak.  

Autostore robotikako bere soluzioa ere, e-commerce eta omnichannel estrategien eskaerak prestatzeko behar guztiak konpontzea ahalbidetzen duena, nazioartean hainbat enpresatan inplementatu da. Hola Moda dugu horren lekuko, Erdialdeko Amerikako H&M dendetako frankiziak kudeatzeko sortua; bai eta Interagrovial, John Deere markak Uruguain eta Argentinan duen ordezkari baimendu bakarra edo Postquam kosmetika marka ere, beste askoren artean. 

Bezeroarengandik gertu 

Smartlog askotariko sektoreetara dago bideratuta: retaila, moda, kosmetika, osasun laguntza, farmazia, elikadura, industria ondasunak, elektronika, operadore logistikoak edo aeronautikoak, betiere e-commerce eta/edo omnichannel inguruneetan lan egiten dutenak. Sektore bakoitzean, bezeroari proiektu logistikoaren bizi zikloaren fase guztietan laguntzen diote, haien beharrak eta datuak analizatzetik, ondorengo jarraipen, mantentze lan eta etengabeko optimizazioraino.  

Zerbitzurik onena emateko, Urretxuko enpresak merkatuei tokian bertan zerbitzua eskaintzeko estrategia baten alde egiten du. “Gure zerbitzuak behar dituzten lekuetan egon nahi dugu, eta tokian-tokian proaktiboki jardun. Izan ere, gure nazioartekotze estrategiaren barruan sar daitezkeen merkatuak etengabe aztertzeko prozedura bat dugu. Horrela, Erdialdeko Amerikara eta Hego Amerikara, Arabiar Emirerrietara, Egiptora eta Saudi Arabiara zabaltzea lortu dugu”, baieztatu du Zubizarretak.  

Etorkizuneko estrategia ere ildo horretatik joango da. “Gaur egun gauden herrialdeetan dugun lidergo posizioa sendotu nahi dugu, eta merkatu berrietara zabaltzea aktibatu, hala nola Kolonbiara”. Horretarako, batetik, biltegiak kudeatzeko SGA/WMA sistemak hornitzen dituen enpresa baten, bestetik, Dinaiz digitalizazio enpresaren eta, azkenik, osasun zentroen eta ospitaleen logistikan espezializatutako Smart Health Logisticsen laguntza estrategikoa dute. Duela gutxi taldean sartu diren hiru horiek “gure posizionamendu teknologikoa indartzen dute, eta etorkizuneko estrategia hedatzea ahalbidetzen dute”, zuzendari nagusiak dioenez.  

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak sustatzea da SPRI Taldeak lortu nahi duen helburuetako bat. Izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, lehiatila bakar batean integratzen ditu bere baliabide eta laguntza guztiak, hala nola Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training bekak.

Scroll to Top