Aurrelan Smartlog Groupen sartu da: Lankidetzazko robotika industriala bultzatzeko aliantza estrategikoa
Aurrelanek, lankidetzazko robotikan erreferentzia denak, gurekin bat egiteak intralogistikaren sektore globalean Smartlog Groupek duen posizionamendua sendotzea ekarri du.
Smartlog Groupek, intralogistikako soluzioetan nazioarteko erreferenteak, beste pauso bat eman du hazkunderako duen estrategian, Aurrelan, lankidetzazko robotikan eta lerro bukaerako soluzio aurreratuetan espezializatutako enpresa, Taldean sartu dela iragarri du-eta. Aliantza estrategiko hori mugarri garrantzitsua da bi enpresentzat, merkatuan duten posizioa indartu eta lan ildo berriak garatuko baitituzte intralogistikaren sektorean, bai eta lankidetzazko robotika industrialaren etorkizunerako ere.
Smartlog eta Aurrelan elkartzeak automatizazio integraleko ekosistema bat sortzen du, industrian sistema adimentsu eta moldagarrien eskaera gero eta handiagoa asetzeko soluzio aurreratuak eskaintzen dituena. Aurrelanen lankidetzazko robotikako teknologiak, garraio adimenduneko sistemak eta paletizazio soluzioak integratzeak nabarmen handitzen dute Smartlog Groupeko portafolioa.
Lotura hori ez da soilik negozio hedapen bat, 5.0 Logistikaren gainean dugun etorkizuneko ikuspegia adierazten du. Aurrelan gure enpresan sartzeak berrikuntzarako dugun gaitasuna indartzen du. Gure ingurunean, non teknologiaren bilakaera gero eta azkarragoa den, guretzat giltzarria da intralogistika eraginkor, erresiliente, iraunkor eta oso teknologiko baterantz joatea eta gure teknologia gama zabaltzea, orain lankidetzazko robotika industrialarekin egingo duguna, alegia. Soluzio aitzindariak eskaintzen jarraitzen dugu, gure bezeroen beharrei proaktiboki erantzunda.
Xabier Zubizarreta, Smartlog Groupeko CEOa
Era berean, sinergia horri esker Smartlog Groupek bere presentzia zabaldu ahal izango du merkatu eta sektore industrial berrietan, bi konpainien onena uztartzen duten soluzio integral eta multiteknologikoen katalogoa eskainiz. Gainera, berrikuntzarako duen gaitasuna eta merkatu globalean duen lehiakortasuna indartuko ditu.
Aurrelanentzat, zeinak 35 urteko esperientzia baitu sektorean eta egoitza Aretxabaletan (Gipuzkoa) baitu, integrazio hau aukera paregabea da bere hazkundea, nazioarteko hedapena eta teknologia berrien garapena bultzatzeko.
Smartlog Groupekin bat egiteak ahalbidetzen digu gure teknologia maila globalera eramatea eta soluzio disruptiboak sortzea Smartlog presente dagoen jarduera sektoreetarako, baita pertsonen eta roboten arteko elkarrekintza dagoen ingurune industrialagoetan ere.
Ibai Galíndez, Aurrelaneko CEOa
Sinergia teknologikoa eta ikuspegi partekatua
Smartlog Group eta Aurrelan osagarriak izatea funtsezkoa da aliantza honen arrakastarako. Smartlogek soluzio intralogistiko integraletan duen esperientzia eta nazioartean duen presentzia sendoa jartzen du, eta Aurrelanek, berriz, lankidetzazko robotikan, prozesu industrialen automatizazioan eta lerro amaierako soluzioetan duen esperientziarekin laguntzen du.
Gaitasunen konbinazio horri esker automatizazio industrialeko beharren espektro osoari erantzuna ematen dioten soluzio pertsonalizatuak eskaini ahal izango zaizkio merkatuari, esaterako, biltegiratze adimenduna, eta bukaerako paketatzea-paletizatzea ere, ikasi egiten duten eta ingurune aldakorretara egokitzen diren sistema robotikoekin, prozesu osoaren tokiko zein urrutiko monitorizazioarekin koordinatuta.
Aurrelani buruz
Lankidetzazko robotikaren, automatizazio industrialaren eta lerro amaieraren automatizazioaren sektorean 35 urteko historia du Aurrelanek, eta industriarako berritzaileak diren soluzioen garapeneko ingeniaritza pertsonalizatuan ibilbide sendoa egina du. Aretxabaletan (Gipuzkoa) duen egoitzatik, enpresak industriarako soluzio berritzaileak sortu ditu, eta robotika industrial eta lankidetzazkoaren sektorean, garraio eta paletizazio sistemetan, elikadura automatikoko zeluletan, automatizazio industrialean eta prozesu industrialen eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzen duten lerro amaierako soluzioetan espezializatu da.
Konpainia etengabeko berrikuntzarekin, zerbitzuarekin, ingeniaritza pertsonalizatuarekin duen konpromisoagatik eta kalitate estandar zorrotzak betetzen dituzten eta bezeroen behar espezifikoetara egokitzen diren soluzioak diseinatzeko duen trebetasunagatik bereizten da. Aurrelanek ekoizpen inguruneetan pertsonekin batera lan egiten duten lankidetzazko roboten gama bat eskaintzen du, segurtasuna eta eraginkortasuna areagotuta, aldi berean malgutasun operatiboari eutsita. Horrez gain, ingurune industrialetako eta intralogistikako eragiketa errepikakorretan langileen ergonomia hobetzeko garatutako exoeskeletoen soluzioengatik ere nabarmendu da.
Gainera, aitzindaria izan da sistema adimendunak bere soluzio robotikoetan eta bezeroen fabrikazio lerroetan integratzen, automatizazio handiagoa eta denbora errealeko datuetan oinarritutako erabaki hartze egokiagoa erraztuta. Gaitasun horri esker, enpresak nazioartean presentzia handiagoa izatea lortu du, bezero globalei bere soluzio teknologikoki aurreratuak eskainiz.