Search
Close this search box.

Factory Logistics, Smartlog Taldearen negozio lerro berria

2023/05/25

Smartlog Group-ek negozio lerro berri bati heldu dio, industria sektoreetan (aeronautika, ontzigintza, automobilgintza eta off-shore eolikoa) produkzio lerroak automatizatzeko, digitalizatzeko eta optimizatzeko soluzio intralogistikoak eskainiz.

Negozio lerro berri hau sortzeko, funtsezkoak izan dira metatutako esperientzia eta gaitasuna, bai eta industria prozesuetan eta eskakizun profesional handiko prozesuetan ezagutza handia izatea ere. SmartLOG Factory Logistics manufaktura enpresei laguntzeko soluzio intralogistiko berritzaileak emateko asmoarekin sortu da, non produkzioaren eraginkortasuna giltzarria baita sendotzeko eta hazteko.

Smartlog Taldearen ezaugarria da bezeroei bizi ziklo osoan zehar laguntzea, erabiltzeko prest erako soluzioak eskainiz, teknologiarik aurreratuenarekin, errazki eta bezeroentzat irisgarri. Premiak aztertzetik hasi eta inplementatu arte, betiere prestasuna eta etengabeko hobekuntza bermatuz, baita behar berrietara etengabe egokituz ere.

Produktuen, teknologien eta zerbitzuen katalogoa prozesuak optimizatzera, produktibitatean irabaztera eta eragikera kostu totalak murriztera bideratuta dago, konpainien hazkunde jasangarria ziurtatzeko.

Aholkularitza espezializatua

SmartLOG Factory Logistics aholkularitza integratzaile independente gisa sortu da, produkzio prozesuetan eta horien kontrolean ezagutza zabala edukita. Proiektuak kudeatzeko metodologia malgu eta pertsonalizatua aplikatzen du, eta emaitzetan bikaintasuna eta soluzioen arrakasta bermatzeko konpromisoa hartzen du.

Metodologia horrek produkzio prozesuen eskakizunen, puntu kritikoen eta bete beharreko mugarrien azterketa zehatza barne hartzen du, fabrikatu/muntatu beharreko elementuek plantaren plangintzari jarraiki has ditzaten beren prozesuak. Azterketa horretatik ateratako datuekin, ikuspegi globala duten soluzioak diseinatzen dira. Soluzio horietan zenbait planteamendu eta hainbat teknologia hartzen dira kontuan, eta horien bitartez, produkzio prozesuei datxekien intralogistika optimizatzen da, eragikera kostu totalak nabarmen murriztuz. Lehenago inbertsio itzulkin azkarrak bermatuz.

Malgutasuna eta eskalagarritasuna. Robotika mugikorra

Proposatzen diren soluzioak robotika mugikorrera eta datuen ustiapenera bideratuta daude, konpainien etorkizunerako funtsezko binomioa horixe dela sinetsita.

Enpresek eskariak manipulatzeko eta inbentarioa mantentzeko denbora murriztu beharra daukate. Halaber, beharrezkoa dute piezen eta lehengaien eskuragarritasun tasak handitzea behar diren unean eta tokian, bai eta erantzunean arinagoak izatea ere, hala eskariak entregatzean nola fluktuazio egoeretan.

Hain zuzen ere, soluzio robotikoek eraginkortasuna, malgutasuna eta eskalagarritasuna eskaintzen dituzte; ondorioz, produkzio lerro eraginkorragoak eta jasangarriagoak sortzeko aukera ematen dute, kostu totalak nabarmen murriztuz, eta horiek funtsezko faktoreak dira manufaktura industrietan.

Malgutasuna, aldaketak edo gorabeherak izaten dituzten fabrikazio inguruneetako produkzio ekipoetara egokitzeko. Eskalagarritasuna, beharren neurrian hazteko eta merkatuaren erronka berrietara egokitzeko. Eta eraginkortasun, produktibitate eta abiadura ratioak hobetzeko.

Aipatzekoak dira, halaber, karbono aztarnaren murrizketa, prestasuna eta pertsonen segurtasunaren eta ergonomiaren hobekuntza.

Proposamen robotikoen artean, hor daude AMRak (robot mugikor autonomoak), AGVak (robot gidatu autonomoak) eta FMS (fabrikazio sistema malgua) soluzioetarako garabi pilatzaileen sistemak, piezak produkzio ingurune desberdinetan aldi berean manipulatu eta garraiatzeko prestatuak. Soluzio moldakorrak, hainbat aukera eta eraikuntza modurekin, produkzio lerro malguen eskakizunetara egokitzeko.

Suite Galys

Galys, berez, kudeaketa adimenduneko softwarea da, enpresan dauden prozesu intralogistiko guztiekin modu malgu eta eskalagarrian komunikatzeko aukera ematen duena. Lankidetza tresna hau gai da hornidura katearen eragikera integratzeko, kontrolatzeko eta kudeatzeko, bai eta produkzio lerroak errentagarri bihurtzeko ere, betiere prozesua eraginkorragoa izatea eta zerbitzua hobetzea helburu.

Lankidetza sistema bat da, eta interfaze asko ditu irekita, beste sistema batzuekin interkomunikatzeko, hala nola ERPrekin, artikuluen sarreratik horniduraraino eta barne garraioraino. Datu bolumen handiak darabiltzan tresna intuitibo, grafiko eta erabilerraza da, prozesu ugari monitorizatzen, bistaratzen eta optimizatzen duena.

Eskuragarri egon behar duten piezei buruzko informazioa linean, denbora errealean, lortzeko aukera ematen du, zenbat eta non diren adierazten du, materialen eta inbentarioen fluxua kontrolatzen du, eta prest dago aldaketak txertatzeko eta jarduera gailurrak eta fluktuazioak kudeatzeko.

5.0 industriarantz. Kudeaketa prediktiboa

Denbora errealeko konexioa, kudeaketa logistikoaren kontrola eta gero eta doiagoak eta akatsik gabeak izan behar duten produkzio lerroak dira fabrikazio enpresa handien beste eskakizun batzuk. Smartlog-en Smart Factory Logistics-en balio proposamena haratago doa, eta IIoT (Industrial Internet of Things), Big Data, adimen artifiziala eta Machine Learning sistemetan oinarritutako lankidetza sistema adimendunak eskaintzen ditu, produkzio lerroak eta barne hornidurako katea konektatuta mantentzen dituztenak.

Teknologia horiei esker, instalazioen kudeaketa eraginkor eta prebentiboa egiteaz gain, produkzio lerroen kudeaketa prediktiboa egiteko ereduak detektatu daitezke.

SmartLOG Factory Logistics-ek badauka, halaber, monitorizaziorako eta kudeaketa prediktiborako sistema propio bat, produkzio kate osoari adimena ematen diona. Teknologia horri esker, sistemak aktiboen eta prozesu guztien funtzionamendua ikasten du.

Plataforma horren bidez, aktiboen trazabilitatea eta erabateko kalitatea, eskalagarritasun handia eta errendimendu maila berriak aztertzeko gaitasuna eskaintzen dira. Halaber, posible da txostenak sortzea, alertak jasotzea eta gorabeherak konpontzea, baita portaera ereduak eta algoritmoak sortzea ere, joerak identifikatzeko, aldaketak eta konfigurazio berriak gomendatzeko eta premia eta agertoki berriak aurreikusteko.

Etorkizunari aurrea hartzeko eta soluzio globalak emateko modu bat da, hornidura kate osoan adimena txertatuz. Hemen dago 5.0 industria.

Scroll to Top