Smartlogek gazte talentuaren garapen integraleko proiektu aitzindari bat aurkeztu du, 23 urtez azpikoen txirrindulari talde bat sortuta

2025/04/10

Smartlogek gazte talentua garatzeko proiektu aitzindaria aurkeztu du. Proiektuak prestakuntza akademikoa eta lan proiekzioa txirrindularitzarekin uztartzen ditu, eta 23 urtez azpikoen eliteko talde bat sortzean dago oinarrituta.

Gizarte erantzukizun korporatiboko bere estrategiaren esparruan eta Nest berrikuntza eta talentu zentroaren bidez, Smartlogek gazteentzako garapen integraleko proiektua abiarazi du, helburu bikoitz batekin: garapen akademikoa eta kirol balioak uztartuko dituen alternatiba erreal bat eskaintzea eta euskal txirrindularitza oinarritik bertatik biziberritzen laguntzea, talentu gaztearen eta pertsona eta profesional gisa haren prestakuntza osoaren aldeko apustua eginez.

Ez dugu lehendik ere egiten diren beste ekimen batzuk ordezkatu nahi; aitzitik, Euskal Herriko prestakuntza eta kirol ekosistema batu eta aberastu nahi dugu.

Proposamena, hain zuzen, Jon Odriozola kirol zuzendaritzan esperientzia handia duen txirrindulari profesional ohiarekin lankidetzan garatu da, eta ikuspegi berritzaile batean oinarritzen da: pertsona osoak prestatzea, goi mailako instalazioetarako eta lagun egiteko programetarako sarbidearekin, arlo akademikoa, teknologikoa eta kirolekoa uztartuta.

Prestakuntzako txirrindularitzak une zailak bizi ditu. Gaur egungo sisteman beren lekua aurkitzen ez duten gazteentzat aukera erreala izan nahi dugu, eta kalitatezko prestakuntzari uko egin gabe, etorkizun profesionalerako tranpolin gisa balioko duen egitura sendo bat eraiki.

Hasiera batean, proiektuan hamabost pertsonak hartuko dute parte, beren helburu profesionalak kirol helburuetan integratzeko prest daudenak. Unibertsitateekin, Lanbide Heziketako zentroekin eta beste hezkuntza erakunde batzuekin lankidetzan, Smartlogek eta enpresa laguntzaileek ikaskuntza ibilbideak diseinatuko dituzte, laguntza pertsonalizatua emango dute, lan praktikak erraztuko dituzte eta enplegurako aukera errealak eskainiko dituzte.

Enpresa lankidetzetan oinarritutako proiektua

Helburua da proiektua garatzea garapen integral eta jasangarriari buruzko ikuspegia partekatzen duten erakundeekin enpresa lankidetzak eginda. Enpresa horietako bat ARREGUI MOTORS da. Joan-etorrietarako ibilgailu flota eman du, jasangarritasunarekin eta ingurunearen garapenarekin duen konpromisoarekin bat etorriz.

Beste erakunde batzuek ere bat egin dute proiektuarekin, baina horien parte hartzea aurrerago iragarriko da.

Nest: talentu integrala garatzeko espazio bat

Nest zentroa eraikitzen hasi berria da. Berrikuntza irekian erreferentzia gune bihurtuko da, eta I+G+b, lanbide heziketa eta kirol jarduerak uztartuko ditu. 6.000 metro koadroko eraikin moderno horretan, jasangarritasunaren zigiluarekin, berrikuntza irekiko guneak, prestakuntza gelak, start-upetarako espazioak, hitzaldi aretoak eta kirol errendimendu handiko gune bat egongo dira. Hirugarren solairuan, kirolarien entrenamendu eta errekuperazio premia guztiak asetzeko erabat ekipatuta egongo den espazio bat izango du. Hortxe bilduko dira azken belaunaldiko kirol makineria, fisioterapia gela eta beste funtsezko instalazio batzuk, atletei zentrotik irten beharrik gabe errendimendu handiena lortzeko aukera emateko.

Nest 5.0 Logistikarako berrikuntza irekiko eta garapen teknologikoko epizentroa izango da, eta robotika, biltegiratze aurreratua, 5G sare pribatuak, adimen artifiziala eta pareko teknologiak bilduko ditu. Berrikuntza teknologikoa protagonista handia izango da, baina beti pertsonen garapen integralaren zerbitzura.

Nesten lan filosofiak balioak partekatzen ditu goi mailako kirolarekin: diziplina, ahalegina, gainditzea, azterketa, estrategia eta konstantzia. Zentro honek entrenamenduak eta lehiaketa prestakuntza teknikoarekin bateragarri egiteko baliabideak eskainiko ditu, ordutegiak eta metodologiak egokituta eta ikastetxe eta sektoreko profesionalekin lankidetzan.

Aitor Elorzak, Smartlog Nest Zentroko formakuntza eta kirol arduradunak, txirrindulari gazteek eskuragarri izango duten azpiegituraren xehetasunak eman ditu

Nesten diseinuan, azken belaunaldiko ekipamendu eta guzti, goi mailako entrenamendua ahalbidetuko duten instalazioak sartu ditugu, bai eta prestakuntza fisikorako, errekuperaziorako eta jarraipen biomekaniko pertsonalizaturako espazioak ere. Gure helburua da behar diren baliabide tekniko eta pertsonal guztiak eskura jartzea, gazte horiek beren kirol potentzial handiena garatu ahal izan dezaten, prestakuntza jasotzen duten bitartean.

Kirola txertatuta duten bi prestakuntza lerro

Talentua erakartzea da gaur egun industriak daukan erronka nagusietako bat. Hori dela eta, Smartlogek bizikleta jarduerarekin osatu daitezkeen bi prestakuntza lerro eskainiko ditu:

  • LHko eta Erdi Mailako teknikarientzako programak, robotika mugikor, informatika eta logistika arloetan, UGLE Eskolarekin lankidetzan (Urola Garaiko Lanbide Eskola).
  • Automatizazio Logistikoko master programa bat, unibertsitateekin lankidetzan. Intralogistika ikuspegia izango du, graduondoetako egungo eskaintzan bakarra izango da eta unibertsitate zentroekin lankidetzan egingo da.

Prestakuntza programa horietan parte hartzen duten gazteek txirrindularitza taldean sartzeko aukera izango dute; hala, bikaintasun akademikoa eta kirol garapena uztartzen dituen eredu bakarra sortuko da.

Proiektuaren filosofia

Ekimena hiru ardatz nagusitan oinarritzen da:

  • Garapen integrala: Kasu honetan, gure txirrindularien prestakuntza osoa sustatzea, teknologia, hezkuntza eta kirolaren bidez, eta ahalegina, diziplina, gainditze pertsonala eta pareko balioak sustatzea.
  • Kirola eta kultura: Txirrindularitza euskal kulturarekin lotzea, errespetuaren, sakrifizioaren, ahaleginaren eta arrakasta kolektiboaren bidez.
  • Berrikuntza eta garapena: Tresna teknologiko aurreratuak, plangintza pertsonalizatua eta metodologia berritzaileak integratzea, bai prestakuntzaren arloan bai kirolarenean.
  • Proiekzio soziala: Proiektua Euskal Herriko kulturan eta ekonomia sozialean txertatzea, ikastetxeekin, erakundeekin eta gizarte eragileekin lankidetzan, bere eragin positiboa maximizatzeko. Proiektu honek erakusten du kirola tresna egokia izan daitekeela talentuaren prestakuntzarako, aukerak sortzeko eta bizitzak eraldatzeko, gizarte erantzukizunaren balioekin eta jasangarritasunarekin lerrokatuta.

Txirrindulari taldearen aurkezpen ofiziala 2025. urte amaieran egingo da, eta 2026an hasiko du ibilbidea. Zubizarretak azpimarratu duen bezala, “etorkizuna entrenatzeko helburua duen proiektua osatzea da asmoa: logistikarena, teknologiarena eta bizitzaren arlo guztietan ahalik eta gehien errenditzeko prestatutako gazte belaunaldiarena”.

Zuzendaritza taldea

Taldearen zuzendaritzak honako hauek izango ditu buru:

  • Xabier Zubizarreta, proiektuko CEO-a.
  • Jon Odriozola, manager orokorra eta estrategia eta garapen arduraduna.
  • Aitor Elorza, Nesteko kirol arduraduna.
  • Iñaki Fernandez, prentsa arduraduna.

Egitura 2025ean osatuko da: entrenatzaileekin, prestatzaile fisikoekin, fisioterapeutekin, mekanikariekin eta hainbat arlo teknikotako arduradunekin.

Eragin soziala eta ekonomikoa

Proiektu honek kirolaren igurikapen tradizionalak gainditzen ditu, eta aldaketa sozial, kultural eta ekonomikoaren katalizatzaile bihurtuko da. Txirrindulari taldetik harago, helburua da kirola, hezkuntza eta lan aukerak integratuz bizitzak eraldatzea.

Aberastasunarekin, gazteen enpleguarekin eta tokiko talentuaren garapenarekin konprometituta dagoenez, Smartlogek prestakuntza txertatu du entrenamenduaren funtsezko osagai gisa. Inpaktua ez da kirol emaitzetan bakarrik neurtuko, baizik eta baita parte hartzaileen aurrerapen sozial eta profesionalean ere.

Kirolarien hautaketa, beraz, txirrindularitzarako daukaten potentzialean eta garapen eredu integral honekin duten konpromisoan oinarrituko da. Atleta bakoitzak laguntza pertsonalizatua jasoko du, eta lan mundurako trantsizio eraginkorra ziurtatuko zaio, enpresa laguntzaile guztien babesarekin.

Proiektu hau gure konpromisoa gazte talentuarekin, kirola hazkunde bide gisa eta tokiko eta sozial eraginarekin ekimenak bultzatzeko urrats bat gehiago da.

Scroll to Top